XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Max bordaren eskuineko alderaino joan zen.

Egin berria zuen bide makurrean deus berririk ez.

Borda inguratzea erabaki zuen.

Sasi eta asuinen artean pasatu ondoren atzeko aldera iritsi zen.

Han leiho bat ageri zen.

Berriro ate ondora atera, arbolik gabeko zati bat ibili eta muinoaren ertzeraino hurrandu zen.

Lanbroaren artean ibar estu bat eta zenbait baserri zuri abertitu zituen.

Bizileku gertueneraino ordu erdi bat izanen zen.

Erreka gainezkatuen habarrotsak euri eta haizearen furia estaltzen zuen.

Dardar heze bat nagusitzen zen ibar inguruko pagadietaz.

Ezkerraldean, iratze artean erdi ezabaturik, oihanerantz zihoazen bidexurrak hauteman zituen Max-ek.

Lasterka sartu zen lastategian.

Leku idor batean egoteak poz hutsal bat sentiarazi zion.

Atean egon zen, euriari begira, ez bustitzearen plazerraz gozatzen.

Oraindik ordu erdiko argia, kalkulatu zuen, atearen hutsak deskubritzen zion argi grix eta berdeen nahasketaren aurrean geldirik.

Gero barnea miatzen hasi zen.

Ate atzean sarde herdoildu bat, eskuare bat, gomazko bota batzuk eta latoiezko linterna bat aurkitu zituen.

Ortozik eseri zen belar mukuruaren gainean, oinak belarrez estali eta hatsa bota zien.

Sumindura baretzen zihoala ikusterakoan gomazko botak probatu zituen.

Haundiak izanarren ez zituen kendu.

Gabardina, galtzerdiak eta txaketa saralean hedatu zituen pixka bat xukatu ondoren.

Zapatak belarrez bete eta zoko batean laga zituen.

Linterna hartu zuen.

Atzeko orman proiektatu zuen zirkulo horiak eta itzal jokuek irrifar dardartsu bat arrankatu zioten.

Fokoak zaku zahar bat utzi zuen agerian.

Max-ek zakua hartu eta zulo batzuk egin zizkion.

Txaketaren ordez paratu zuen.

Burutik pasatzerakoan bihiaren usain gozoak inbaditu zuen.